Jarraian Aralarko Natur Baliabideen Antolamendu Planean zehazten den zonifikazioa eta administrazioen mugak aztertu daitezke. Mapa Geoeuskadi. Testua Aralarko NBAP 168/1994 Dekretua.
Erreserba barrutia
DEFINIZIOA. Ekologi ikuspegitik balio itzelak dituzten edo bakanak diren areak, flora, fauna, paisai edo arkeologi ezaugarri apartekoak dituztenak.
HELBURUA. Zona hauetako balio naturalak bere horretan mantendu, beraien kontserbazio eta hobekuntzarako izango diren ekintzak bakarrik baimenduz.
Babespeko barrutia
DEFINIZIOA. Azalera handiko lurraldeak, lurzoruen higadura eta galtze arrisku handia jasaten dutenak.
HELBURUA. Lurzorua eta uraren zikloa babestea eta hobetzea zona hauetan, lurgaltze prozesuak murrizten lagunduz eta zuhaiztien azalera hedatzera joango diren iharduerak bultzatuz.
Mendi babeslearen barrutia
DEFINIZIOA. Arrisku eragile ezberdinen eraginagatik, lurzorua nahiz ur baliabideak babestearren, zuhaitz sail zabalez estaltzea komenigarria gertatzen zaien lursailak ditugu hauek eta, ondorioz, ekoizpenerako mugaturik daude.
HELBURUA. Alde hauetan zein uren ibilbidean behera dauden estaldura edafikoa eta ur baliabideak babestea.
Abeltzaintzako barrutia
DEFINIZIOA. Emankortasun, larreen kalitate edota ustiaketa ohiturengatik, erabileren artean abelzantzari lehentasuna ematen zaieneko lursailak ditugu hauek.
HELBURUA. Abelzantza erabilerak bultzatzea lursail hauetan, beraien ekoizpen baldintzak hobetuz eta erabilera hau inguru naturalak behar duen babespenarekin bateragarri eginaz.
Landazabaleko barrutia
DEFINIZIOA. Belardi, soro eta zuhaizti txikiek osatzen duten mosaikoak dira hauek, baserri eta auzune inguruetan ematen direnak hain zuzen.
HELBURUA. Zona hauetako erabileren dibertsitatea mantentzea, paisaia eta fauna ikuspegietatik ekartzen duen aniztasunarekin.
Basogintzako barrutia
DEFINIZIOA. Emankortasun, zuhaitz espezie egokien erabilera edota ustiapen ohiturengatik, erabileren artean basogintzari lehentasuna ematen zaieneko lurraldeak ditugu hauek.
HELBURUA. Baso ustiapen erabilerak laguntzea, ekoizpen baldintzak hobetuz eta erabilera hori inguru naturalak behar duen babesarekin bateragarri eginaz.
Hiri eremuak eta azpiegiturak
DEFINIZIOA. Udalerri bakoitzeko ordezko arauetan hiri lurzoru gisa definiturik dauden aldeak, landa-inguruko herriguneak eta jarraian adieraziko diren azpiegiturak sartzen dira hemen, beren zortasunak barne:
– Iragaitza libreko izendatzen diren errepide eta aldaiak.
– Urtegiak, ubideak eta uharkak.
– Zubiak.
– Ur-hodiak eta biltegiak.
– Ur-hartzeak.
– Tentsio handiko hari elektrikoak.
– Telefono hariak.
– Telekomunikabideetako errepikagailuak.