HISTORIA
Enirio-Aralarko Mankomunitatea, Partzuergo Nagusiarekin batera, mendiak eskaintzen dituen baliabideak modu berezian aprobetxatzeko azken adibideetakoa dugu. Beste garai batzuetan, Gipuzkoako eta Euskal Herri osoko ia mendi guztiak inguruko herrienak ziren. Espazio horien ikuskera tradizionalaren jatorria historiaurrean egon daiteke, garai horretan izaera jentilizioa zuen gizarte antolamendua nagusitzen baitzen.
Mendi horiek inguruko biztanle eta herrien arteko topagune izan ziren, eta hainbat formula erabili zituzten ondasunak partekatzeko (mankomunitateak, mendi frankoak, partzuegoak). Egun arraroa egiten zaigu hori; izan ere, jabetza pribatua eta indibiduala ia sakratua da.
Mankomunitate hori 1409ko azaroaren 14an sortu zen, orduantxe erabaki baitzuten hainbat herrik bertako jauntxoa zen Ojer Amezketari Enirio eta Aralarko eskubideak (''mortueros y herbajes'') 1.400 florinen truke erostea. Hamarkada bat lehenago, Gaztelako Erregeak aipatutako jauntxoari eman zizkion eskubide horiek, eskainitako zerbitzuen ordainetan; Mankomunitateko herriek, orduan, eskubide horiek aldarrikatu zituzten, oso aspalditik haienak zirela argudiatuta. Mendeetan zehar arazoak eta tirabirak izan ziren, baina azkenean salerosketa akta baten bidez amaitu ziren.
Mankomunitatea hamabost herrik osatzen dute, eta bi talde handitan edo mankomunitate txikitan antolatu ohi zen: Amezketakoa edo Bozue Nagusia (Amezketa, Abaltzisketa, Orendain, Baliarrain eta Ikaztegieta) eta Ordiziakoa edo Bozue Txikia (Ordizia, Legorreta, Itsasondo, Arama, Altzaga, Gaintza, Zaldibia, Ataun, Beasain eta Lazkao). Talde horietako bakoitzak batzorde eta organo erabakitzaile propioak zituen, eta aldian-aldian biltzen ziren haien pribilegioak kudeatzeko.