Oiduiko leizearen garbiketa 

Oiduiko leizeen garbiketa. 

Lantalde aparta elkartu gara Oidui inguruko bi leizeen garbiketa lanetan aritzeko. 800kg zabor atera ditugu oraingo honetan. Beste behin errefusa izan da gehien atera dugun hondakin mota, baina beira, plastikoa eta txatarra ere ugari aurkitu dugu. 


Leizeetako bat garbi uztea lortu den arren, bestean zabor kantitate handia aurkitu da, tona ugari ziurrenik. Zaborra kentzen hasi bezain laster, hondakin poltsaz beteriko galeria berri bat agertu da. Hurrengo lanaldietan Oiduiko leize hau garbi uzteko konpromezua hartu dugu. Gogoan izan behar dugu, leize edo urzulo honetako urak Ondarretik igaroz Osinberdera doazela, eta bertatik Zaldibiako etxeetara.


Garbiketa hau, Eusko Jaurlaritzaren biodibertsitate arloko laguntza baten barruan kokaturiko ekintza bat da. Mila esker lanaren gidaritzan aritu diren Felix Ugarteko kideei eta baita hurbildu zareten gainontzeko Tolosaldea eta Goierriko bolondresei.


Enirio-Aralarko Mankomunitatea


2023.9.30