Erreketak Etizegi eta Larraone inguruan

Joan den igandeko arratsaldean, apirilak 7, otadi-sail batzuei sua eman zieten Aralarren, Etizegi-Larraone inguruan. Ez da lehen aldia antzekoak gertatzen direla, tamalez, eta  Enirio Aralarko Mankomunitateak kezkaz eta arduratuta ikusten ditu ekintza larri hauek.  

 

Kontrolatu gabeko sute hauek berezkoa duten arrisku eta kalteaz gain, ingurune eta baliabide naturalean,  bertan egon litezkeen aziendetan eta baita mendian ibil daitezkeen pertsonengan ere, guztion ondare publikoarekiko errespetu falta adierazten du. Ez da onargarria gutxi batzuen interes edo helburuetarako gehiengoaren kaltetan doazen praktikak aurrera eramatea.

 

Hau guztia kontuan izanik, mendian behin baino gehiagotan izaten ari diren gertakari hauen aurrean, Enirio-Aralarko Mankomunitateak, tokiko-administrazioa den aldetik, ekintza mota hauek ez errepikatzeko deia egiten du. Aldi berean, gertatutakoa ikertu eta arduradunak aurkitzeko bere esku dagoen guztia egiteko konpromisoa hartzen du, eta helburu hori betetzeko, gainerako erakundeekin elkarlanerako borondate osoa agertzen du.


Enirio-Aralarko Mankomunitatea