ARKEOLOGIA ARALARREN. 2024
Felix Ugarte Espeleologia taldeko kideek pasa diguten testua
Felix Ugarte Espeleologia taldeko kideek pasa diguten testua
ARKEOLOGIA ARALARREN. 2024 urtea
Joan den urtea bereziki emankorra izan da FELIX UGARTE ELKARTEAk Aralarren egin dituen prospekzio arkeologikoetan. Alde batetik, hainbat kobazulotan esku hartu dugu eta hiru aztarnategi arkeologiko berri aurkitu ditugu. Horietako batean aurkitutako hezur-hondakinek 5300 urteko antzinatasuna eman digute eta Neolitora garamatzate. Garai hartan gizakia ehiztari -biltzaile izatetik ekoizle izatera igaro zen, eta Aralar mendilerroa zeharkatu eta inguruak kolonizatu zituen. Finean, lehen nekazari eta artzainen jatorria izan zen.
Bestalde, Arritzagako meatzaritzaren historiaurreko aztarnak ikertzen jarraitu dugu, eta Kalkolitoko eta Brontze Aroko meatze-ustiategi berriak aurkitu ditugu. Hala ere, garrantzitsuena meategietatik erauzitako kobre-mineralaren prozesatze- eta kontzentrazio-arrastoak eta kobre arsenikaleko lingote baten aurkikuntza izan dira. Horrek guztiak erakusten digu duela 3700 urte baino gehiago Aralarren metalurgi lanak egiten zirela eta Mendilerrotik ateratako kobreak garai hartako aztarnategi arkeologikoetan lurralde zabal batean izan zuen hedapena ezagutzeko aukera ematen digu.
CSICekin lankidetzan, azterketa metalografikoak, osagaien analisiak eta lingotearen eta mineralaren berunezko isotopoen definizioa egiten ari gara. Erreferentzia gisa erabiliko da, Kalkolitoko eta Brontze Aroko herrixketan aurkitutako kobrezko objektuen analisiekin alderatzeko, ez baitakigu nondik datozen. Ikerketa hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren diru-laguntza bati esker burutu da. Eskerrak eman nahi dizkiogu Enirio Aralar Mankomunitateari ikerketa egiteko eman diguten laguntza, baimen eta erraztasunengatik.
2025eko apirilaren 25a.
Felix Ugarte Elkartea